Argazkizkiak literatur lehiaketa

Aurreko astean egin genuen Argazkizkiak literatur lehiaketaren sari banaketa. Argazkizkiak argazkigintza testugintzarekin konbinatzen duen lehiaketa da. Testu batekin  (poema, bertsoa, narrazioa…) lagundutako argazkiak aurkezten dira bertan, eta bien arteko lotura eta edertasuna baloratzen dira sariak emateko orduan. Gainera, gai konkretu batekin lotuta egon behar dira lanak; aurten jorratu beharreko lana “beldurra” izan da.ç

Hauek izan dira aurtengo sarituak:

1-Martin Antxia

2- Aiora Padilla

3- Aitor Bengoa

 

_mg_0610_opt

Aurten sei lan aurkeztu dira lehiaketara, eta esan bezala Martin Antxia atxabaltarra izan da irabazlea. Bere lanaren originaltasuna eta testuaren edertasuna azpimarratu nahi ditugu. Sarrera honetan bere argazkia eta testua argitaratuko ditugu, eta hurrengo bietan bigarren eta hirugarren sarituen lanak egongo dira ikusgai.

Hau da Martin Antxiaren lana, “Murgiltzen” izenekoa.

murgiltzen-argazkia

Ba omen dira beti ez daukatena bilatzen dutenak. Baita ere, sekula pentsatu ez dituzten gauzak egunero lortzen dituztenak, hauen lorpena baloratu gabe. Edozein hotzez gogortu daitekeen igande goiz hontan, atzerritar sentitzen naiz mundu honetan. Beldur naiz nire “pasaporteak” balioko duen, mundu honek onartu nazan. Hain gutxi eta hainbeste, horren gertu eta hain urrun aldi berean.

Etxe atzeko erreka honek urteetan lasaitu nau baina bere musika goxoak ez nau konsolatzen aspaldi. Bertako ingurua jada ezta lasaigarri niretzat. Aitonaren txalupak burura ekartzen dizkit berak nigatik egindako ahaleginak, gurasoak jabetu ere egin gabe zeudenean. “Hire ontziaren patroi bakarra hi haiz, Aitzol, ez ezak inoiz ahaztu” zioen udako ilunabarretan, txalupa amuarrainez betetzen genuen momentu eder haietan. Aitonak, bere hitzen bitartez, mundu hau eraldatu eta bizitza eder bat abiarazteko gai sentiarazten ninduen. Baina gaitasun hori zer den ahantzia dut uda batzuk direla. Ordutik, Aitona ez dut errekako uretan isladatua ikusten, nirekin amuarrainak harrapatzen. Biok desagertu gara, errekak betirako eraman bagintu bezala. Ez dago, eta hortaz ez gaude.

Ezberdina izateak bizitza guztiz zaildu dit eta berdintasuna desio izatera eraman nau, nire naturaren aurka, nire ilusioen aurka. Sufrimendua ekidin eta inork kasu egin ez diezadan, haizea bezain garden izaten saiatu naiz sutsuki, inoren begientzat ikustezin. Baina haizea izatetik gertu nagoen hontan, ez dela nahikoa konturatu naiz eta ezereza bilatzera nator gaur.

Banku txuriaren aurreko eskaileratan barrena jeitsi naiz, Abenduko Igande honetan, Aitonarekin elkartzeko asmotan. Ur izoztuak ez du eraginik oraindik izoztuago bizirauten ari den ariman eta ez nau nire proposamenean geldiarazi. Agurtu gabe, eta bitan pentsatu gabe, banoa zugana Aitona. Ezerezean ez dago beldurrik eta burua argi sentitzen dut.

Iluntasunak hartu nau.

Baina argi txiki bat dago bukaeran. Itsutzen hasia nauen argi gero eta indartsuagoa da, hasieran igartzen ez zen arren, Aitonaren eskuak zein ahotsa argi identifikatu ditut. “Aitzol, bizitzeko ilusio faltak ekarri hau hona, baina heriotzarekiko beldurrak jarriko hau hire tokian. Mundu honek behar hau eta hik ere hire ingurua sortu behar duk. Beldurra izatea ederra duk, arriskuez ohartarazten gaituztek eta. Baina hauek egunero ilusioekin gainditu behar dituk.”  

Bapatean uretatik atera naute bere eskuek, eztulka eta konortea galdu beharrean. Nire indar apurrekin, eskaileratan gora jo dut. Izoztuta nago eta negargura sentitzen dut azken urtean lehenengo aldiz. Baita poztasuna Aitona ikusi izanagatik eta bigarren aukera hontara bultzatu nauelako. Gaur bukaera ez izateaz gain hasiera da. Beldurra galdu diot beldurra izateari. Beldurra galdu diot amari gertatutakoa kontatzeari. Beldurra galdu diot onartua ez izateari, ilusioak naraman bide berri honetan. Eskerrikasko, Aitona.

 

Kategoria: Loramendi. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude